2012/08/11

Aiztondo, Iñaki Goñi bidea, 115 metro. 5c (5a behartuta)

Deskribapena eta bi krokisak Xabier Larretxearen Eskalatzen blogetik hartuak daude.

Duela egun gutxi, Iruñako nire lagun Fernandok deitu zidan, Norbegiara itzultzeko hegazkina erosi zuela esanez, eta adio esateko paretaren batean agurtu beharko ginela esan zidan. Beraz, larunbaterako egin genuen zita. Nafarroako Uharte herrian, Aiztondoko pareta ederrean, Iñaki Goñi bidea egitea erabaki genuen. Disfrutatzeko bide horietako bat!

BIDEAREN DATUAK

Materiala: 14 zinta (guk 13 behar izan genituen) + bilgunetarako materiala. Friend eta fisureroak soberan daude.
Arroka: Kareharria
Orientazioa: Hegoa
Garaia: Urte osoa.
Iraupena: 2h.
Berrekipamendua: FNDME-ko Ekipamenduen Batzordeak berrekipatua. 

Harri trinkoa duen eta begetazio gabeko bidea. Oso ongi ekipatua. Aiztondon gehien errepikatzen den bidea izango da seguruenik. Inguru honetako beste bideetan bezala arroka berehala lehortzen da eta beraz, urte osoan eskala daiteke. 

Iristeko: Irurtzun edo Altsasutik Uharte Arakil herrira hurbildu A-15 autobidea erabiliz. Herria zeharkatu eta Irañetako norabidea hartu (NA-2410). Errekaren ondoan dagoen aisia-leku bat igaro ondoren ezkerrera doan pista bat hartu. Pista honek Uharte Arakil udalak eskalatzaileentzat eginiko parkingera eramango gaitu berehala (poste batekin adierazita dago).

Hurbiltzeko: Pareta dagoen aldera abiatu. Berehala bidezidor bat aurkituko dugu. Jarraitu eta 10 minututan bidearen oinean gara.

BIDEAREN KROKISA







DESKRIBAPENA

Eginiko bidea gorriz
L1 (30 m, 9 aseguru, 4c/5a): Plaka etzana. Gero eskuinera jotzen du eta berriro zuzen bilguneraino. Bigarren aseguruaren parean bidearen izena idatzita duen plaka metaliko bat dago.

Fernando lehen luzearen hasieran. Lehen bilgunetik ateratako argazkia
Fernando, lehen bilgunean.
L2 (30 m, 10 aseguru, 5b+/5c): Eskuineko parabolt lerroa hartu. Plaka etzana. Laugarren asegurutik eskuinera pasa. Eskuinean dagoen pitzadura batez lagunduta kanal modukoan sartu. Tarte honetan eskuekin baino oinekin eskalatzen da. Bilgunea eskuineko plakan dago ipuru baten parean. Ez nahastu goian, kanal barruan,  ikusten den bilgunearekin.

Bigarren luze erdian
Bigarren bilgunera iristen
Bigarren bilgunean, nahiko deserosoa
L3 (30 m, 14 aseguru, 5c): Plaka etzana hasieran, baina gero bertikalagoa bihurtzen da. Sabairaino zuzen igo eta bere ezker aldetik igaro. Sabaitik irten eta azken plaka bat igo bilgunera iristeko.

Fernando, hirugarrengo luzean
Kamarari begirada bat botatzen
Beheko lagunak dagoeneko nahiko behean
Aurrera egiten
Bideari gradua ematen dion pausuan
Ezkerraldetik pasa behar da, apur bat "extraplomatua" da
L4 (25 m, 9 aseguru, 4b): Plakatxo oso etzana hasieran. Pitzadura-kanal bat zeharkatu eta beste plaka bat apur bat bertikalagoa, azken bilgunera iristeko.  

Azken luzean sartuta
Azken bilera, rapelatzeko prestatua dago
Goitik ateratako panoa
Jaitsiera: Bi aukera daude. Lehena atzetik oinez jaistea da. Bidezidor batean arrastoak jarraituz 20 minututan bidearen oinean gaude. Aukera azkarrena eta seguruena da. Bigarren aukera bidetik rapelatzea da.

Fernando lehenengo rapelean
Soka zuhaixkatik ateratzen
Ni, bigarrengo rapelean
Beheruntz
Soka eta materiala jaso, ur trago bat edan eta Uhartera jeitsi ginen garagardotxo bat hartzera. Egun ederra pasa genuen. Hurrenarte Fernando!

0 Iruzkinak:

Publicar un comentario