Uztaileko lehen bi asteak trabesiatxo bat prestatzen ibili ondoren, azkenean Panticosa inguruan asteburu pasa bat egingo genuela erabaki genuen. Gainera, horrela, Bachimañako aterpe berria (jakin ezkero zenbat jende egongo zen, ziurrenik ez ginen joango) bere irekiera egunean ikusi ahal izango genuen.
GURE BIDEA
Lehen eguna
Panticosako "
Casa de Piedra" aterpetik irten eta GR-11 jarraituz Bachimañako aterpe berrira joango gara. Bachimañako ibona igarota eta Ibon Urdinetarako bidea ezkerrean utzita, Puerto de Marcadau edo Puerto de Panticosa deritzon gainera bideratuko gara frantziako lurretan sartzeko. Wallon aterpera doan bidea jarraituko dugu eta ahal denean, ezkerreruntz irteten den bide batetik, Gran Fachako gainera iritsiko gara. Indarrak laguntzen bagaitu, tontorra egiten sahiatuko gara. Azkenik Respomusoko aterpera doan bidea hartuko dugu Campoplanoko ibonera iristeko. Bertan egingo dugu gaua. (15,8km)
Bigarren eguna
Campoplanoko ibonetik irten eta GR-11 hartuko dugu berriz, Tebarrayko gainera igoko gara. Bertatik Infernuko gainera igaro eta Ibon Urdinetatik behera abiatuko gara Bachimañako ibonetara iritsi arte. Hemendik aurrera, lehen eguneko bidea desegitea besterik etzaigu geratuko, Bachimañako aterpetik pasa eta Frailearen malda jeitsi ondoren Panticosako "Casa de Piedra" aterpean bukatuko dugu. (12,2km)
Denera, 28km-tako ibilaldi zirkular ederra.
|
Gorriz, lehen eguna. Urdinez, bigarrena. |
DESKRIBAPENA
"Casa de Piedra" aterpea, 1636m. Aparkalekuan kotxea ahal izan dugun lekuan utzi eta mendiko traste guztiak bizkarrean jarrita ibiltzeari ekin diogu. Izugarrizko jendetza aurkitu dugu bertan, gaur Bachimañako aterpearen irekiera eguna da eta bertaratu direnak 400 bat pertsona omen dira. Gure lehen helburua, Beheko Bachimaña urtegira iristea da. Horretarako aterpearen atzetik irteten den GR-11 bidea jarraitu behar dugu.
|
"Casa de Piedra" atzetik doa bidea goruntz |
|
Hemen hasten da gure gaurko bidea |
|
Bideak ez du galbiderik |
|
Goruntz, beti goruntz |
|
Bidean zehar ur-jauzi ugari ditugu |
|
Beste ur-jauzi bat |
|
Leku benetan da bikaina |
|
Frailearen aldapa. Badu bai, bere xarma. |
|
Bachimañako aterpea. Leku zoragarria. |
|
Lola mokadutxoa jaten |
|
Pantxorekin deskantsuan |
Beheko Bachimaña ibona, 2205m. Bertatik GR-11 jarraitu behar dugu bide ezberdinak adierazten dizkigun zutabe bat ikusi arte. GR-11 (Ibon Urdinetara doana) ezkerretara utzi beharra daukagu eta eskubirantz abiatu Marcadau edo Panticosako gainera. Bidean zehar Bramatueroko ibonak, sarrioak, eta tontor asko ikus ditzakegu.
|
Goiko Bramatuero ibona |
|
Aurrez aurre, Gran Facha |
|
Bidea ongi hartzea garrantzitsua da |
|
Guk eskubira hartu behar dugu |
|
Infernuak, zoragarria |
|
Pantxo, euliak ehizatzen |
|
Bramatuerako ibona |
|
Goiko Bachimaña. Hortik gatoz |
|
Pecicoko ibona eta atzean Gran Facha mendia |
|
Sarrioa gure bidea zaintzen |
Marcadau edo Panticosako gaina, 2541m. Wallon aterpera doan bidea jarraitu behar dugu, 2340metrotara iritsi arte. Orduan, ezkerrerantz irteten den bidezidor bat hartu behar baitugu, bere amaieran Wallon aterpetik Gran Fachako gainera doan bidearekin bat egingo dugularik. Egia esan zati honetan bidea jarraitzea ez zaigu batere erraza egin. Bidea ez dago oso ongi markatua eta senak lagunduta egin behar da aurrera harri blokez osatutako laberinto batean. Hoberena ahalik eta azkarren Wallon-dik gora datorren bidearen bat egitea da.
|
Marcadauko gainetik beheruntz eginiko bidea |
|
Jarraituriko bidea, Wallon-dik gorako bidearekin bat egitean |
|
Vignemale mendia |
|
Gran Fachako azken kresterioa |
Gran Fachako gaina, 2668m. Egia esan hemendik Respomusora doan bidea izugarri gustatu zitzaidan. Benetan ederra da jarraitu beharreko bidea, eta momentu oro, zelai orlegi, ibon urdin, edo harri grisen koloreak besarkatzen zaitu. Aurrez aurre, Frondiellak eta Balaitus ikusi daitezke, baita momenturen batean, Cristales mendia.
|
Respomusoko bailara |
|
Zearkatu beharreko elurtegi bakarra |
|
Beherako bidea elurtegirarte |
|
Lola beheruntz, neka neka eginda |
|
Frondiellak, eguzkia mendiaren atzean sartzen ari delarik |
|
Campoplanoko iboneko panoa |
Campoplanoko ibona, 1660m. Denda hementxe jarri genuen, leku ederra benetan. Nahiz eta gaueko ordu txikitan konturatuko garen asto ugari daude zelai hontan, bakoitza bere zintzarri eta guzti.
Hurrengo egunean esnatu bezain pronto, Frondiellek eman ziguten egun ona.
|
Frondiellak |
Gaurko egunean, Respomusotik Panticosako "Casa de Piedra" aterpera doan GR-11 bidea hartu behar dugu. Lehenik, Llena Cantaleko ibonera iritsiko gara eta ondoren harritxintxarrezko malda batetik, Tebarrayko gainera iritsiko gara.
|
Llena Cantaleko ibonerako igoera. Aurrean Tebarray mendia |
|
Llena Cantaleko ibonetik Tebarraiko gainera doan igoera |
Tebarrayko gaina, 2782m. Gain honetatik, paisai ederra ikusiko dugu. Alde batetik Infernu mendia, bestetik Partacuako mendizerra Tebarrayko ibonean isladatua. Bertatik, Infernuko gainera joan beharko gara, horretarako ezkerretara dugun malda zearkatu beharko dugu, hamar minutu besterik ez direlarik.
|
Infernu mendia eta ezkerretan Infernuko gaina |
|
Partacuako mendizerra Tebarrayko ibonean islatua |
Infernuko gaina, 2721m. Jende ugari aurkitu dugu bertan. Hemendik beheruntz doan bideak, edozein mendizale poztu dezake. Lehenik eta behin, Infernuko glaziarra; ondoren, Ibon Urdinak (goikoa eta behekoa) eta azkenik ur jauzi eder bat, Goiko Bachimaña ibonera iritsi baino lehen.
|
Infernuko gainetik daukagun paisaia eta beherako bidea |
|
Infernuko glaziarra (hurrengo bisitaraino iraungo al du?) |
|
Infernuko gainetik beheruntz zearkatu beharreko elurtegia |
|
Goiko Ibon Urdina |
|
Beheko Ibon Urdina eta urrutian Goiko Bachimaña ibona |
|
Ur jauzi ederra |
|
Goiko Bachimaña ibonera iristen |
|
Atzoko bide-zutabea |
Hemendik aurrera, atzo honaino eginiko bidea desegitea besterik etzaigu geratzen. Bachimaña ibona igaro, aterpetik pasa, Frailearen aldapa jeitsi eta Panticosara bideratuko gara.
Dagoeneko, Pantxok bere oinetako kuxintxoak ("almohadillak") guztiz txikituak zituen, eta errenka dabil azken ordu erdian. Bazkaldu dugunean lehen sorosmenak eman dizkiogu, eta konturatu gara oinak haragi bizitan dituela. Beraz, ez dut bitan zalantzarik egin eta azkenengo ordu ta erdian txakurra bizkar gainean eraman beharra izango dut.
|
Pantxo bizkarrean eramaten |
|
Bachimañako aterpea, benetan leku zoragarrian |
|
Panticosako bainuetxea |
|
Azken pausuak |
"Casa de Piedra" aterpea, 1636m. Kanpoko mahai batean eseri, botak kendu eta limoidun garagardo bikain bat hartu dugu gure mendi asteburua bukatzeko modu hoberena baita.
Pantxok beste bizpairu egun pasa ditu errenka, baina pixkanaka pasatzen hasi zaio. Hona hemen nola sendatu behar izan genuen etxera iritsi bezain laster.
|
Pantxo hartatu ostean |
Mendi asteburu ederra, konpainia ezin hobearekin. Ea laster errepikatzen dugun!