2015/05/17

Aneto mendia Estasen korridoretik - Petit Black irteera - (3.404 metro)

Nork ez du amestu noizbait Pirinioetako tontorrik garaiena zapaltzea? Mendizale guztiok izan dugu noiz edo noiz amets hori. Guk ere bai, noski. Baina argi genuen ez genuela betiko igoeratik igo nahi. Gure bidea aspalditik genuen aukeratua. Estasen korridorea. Euskal Herritik bertara dagoen urruntasunak atzera bota gintuen behin baino gehiagotan. Oraingoan ordea, asteburu egokia aurrez aurre izanda, ez genuen atzera egiteko inungo asmorik.

Ezaguna ez den ezer gutxi dago esaterik Aneto mendiari buruz. Pirinioetako mendi ezagunena da, bere garaierak ematen dio ezagutza. Berau baita mendikate osoko tontorrik garaiena. Igoera ugari ditu baina, bat bera ere ez erraza. Denek dute zailtasunen bat.

GURE BIDEA

Coronas aterpetxean utziko dugu kotxea. Bertatik Coronaseko ibonak, banan bana igaroko ditugu. Goiko ibonean lo egingo dugularik. Bigarren egunean, goiko ibonetik atera eta Estasen korridoretik gora egingo dugu. Lehenik Aguja Daviú tontorra egingo dugu, ondoren, arista zeharkatuz, Anetoko tontorrera iristeko. 
Beherako bidean, Punta Oliveras - Arenas egin eta Coronaseko lepora jeitsiko gara. Bertatik Coronas glaziarra igaro eta pixkanaka 1.500mko desnible negatiboa egingo dugu kotxera iristeko. 

ERAMANDAKO MATERIALA

Nahiz eta hasiera batean, 30 metroko randone kordinoa eramateko asmoa izan, azkenean, berau eta aseguratzeko traste guztiak kotxean utzi genituen. Beraz, kranpoiak, bi piolet (bakarra erabili genuen) eta kaskoa eraman genituen korridorerako. Nahiz eta guk piolet bakarra erabili, bi eramatea egokiagoa da. 

DESKRIBAPENA 

Goizeko hamaiketan Sabiñanigon egin dugu gaurkoan topaketa. Bertan janaria erosi eta Benasque aldera irten gara.

Eguerdiko ordubatean iritsi gara Benasquera eta bertan, Llibrada jatetxean eroso asko ekin diogu jateari. 

Benasqueko jatetxea
Benasque herritik irten eta Llanos del Hospital-era doan bidea jarraitu beharra daukagu urtegi bat pasa arte. Berau igaro bezain pronto, elurjauzien aurkako egitura bat ikusiko dugu. Bera igaro ondoren, eskubira jo beharra daukagu "Valle de Vallibierna" seinaleari kasu eginez. Erreka zubitxo batetik gurutzatu, beherko zelaiak igaro eta 9km-tako mendi pista batetik gora jo beharra dago. Pista egoera "nahiko onean" dago. Nahiz eta egoki igotzeko, kotxe garaia izatea hobea den. Gañera, pista hau urtean hilabete bat bakarrik dago zabalia. Udaran, ekainak 15 aldera, autobus zerbitzua jartzen du Benasqueko udaletxeak. 

Pistaren amiera
Bertan zauden mendizaleekin lasai asko itzegin dugu. Berauek gaur Aneto inguruan ibili dira, baina haize bolada bortitzen ondorioz, denek beherako bidea hartu dute. 

Bidearen amaieran dagoen zubia
Coronas aterpetxea
Aterpetxea barrutik
Mikel eta biok kanpoan eguzkitan
Gauza guztiak prestatu eta ibiltzeari ekingo diogu. 

Coronas aterpetxea, 16:50 (0:00), 1950m. Nahiz eta betiko igoerak hasieran GR-11tik jotzen duen, erreka igaroz eta errekaren eskubi aldetik goruntz joaz, guk ezkerraldetik ekin diogu bideari. Behean aurkitu ditugun mendizaleek gomendatu digute eta dudarik gabe, gomendio ona da. Basotik joango gara Coronas Iboneta arte. Betiko bidetik berriz, harrikada deseroso batetik egin behar da goruntz, eguzki izpien erasopean. 

Bidearen hasera
Basotik gora doan bidexka
Mikel itzalean, eguzkitik babestuz



Culebres eta Vallibierna mendiak
Coronas Iboneta, 17:40 (0:50), 2238m. Egia esan, lakutxo hau ez da putzu haundi bat baino gehiago. Zirko glaziar txiki batean sortzen den ur metaketa da. Bere eskubiko magaletik gora joko dugu Coronaseko Beheko Ibonera iritsi arte. 
Iboneta atzean dugula
Ibonetetik gora daukagun bidea
Aragüells mendia aurez autre jugula igoko gara
Lehen pausuak elurretan

Mikel deskantsuan
Coronas Beheko Ibonaren hustutze puntura iristen

Atzera begirada
Coronas Beheko Ibona, 18:50 (2:00), 2635m. Ibon hau aurrekoa baino haundiagoa da, baina kasu hontan, izozturik dagoenez, ez dugu ur askorik ikusi. Coronas Erdiko Ibonera geratzen zaigun bidea ez da oso luzea. Horretarako ezker aldetik igaroko dugu laku hau. 

Coronas Beheko Ibona
Ibona ezker aldetik igarotzen Aragüells mendia aurrean dugularik
Aneto mendiari botatzen diogun lehen begirada
Erdiko lakura iristen
Coronas Erdiko Ibona, 19:25 (2:35), 2740m. Benetan leku ederra da hau! Pirinioen bihotzean jaiotako glaziar bailara bat. Elurra gogortzen hasia da altuera hontan eta pixkanaka lo egiteko leku eroso bila hasi gara. Hala ere, azkenik, Coronas Goiko Ibonean egingo dugu lo. 

Lo egingo dugun lekua eta biharko igoerako bidea
Mikel Anetoko tontorra zein den adieraziz
Ni neu, Anetoren azpian, alai.
Coronas Erdiko Iboneko panoa
Coronas Goiko Ibona, 19:40 (2:50), 2777m. Izoztua dagoen lakuaren ondoan jarri dugu gaua igarotzeko denda. Leku aparta. Baina bibak-ak egiteko leku egoki askorik gabe. Beraz, elur gainean lo egitea egokitu zaigu. 

Denda jarritako lekutik, Aneto mendiarekiko dugun ikuspuntua. Tontorreko apaingarriak ikusi daitezke
Dendatik ateratako argazkia: Aragüells eta Aguja Juncadella
Denda Anetoren begiradapean jarri dugu




Arratsaldeko zortziak izanda, afaria prestatu, elurra urtu eta egin beharreko zeregin guztiekin jarri gara. Urarekin arazorik izango e genuelakoaren ustea genuen, baina azkenik, dena izoztua aurkitu eta elurra urtzen hasi behar izan giñen hornilloarekin. 

Elurra urtzen dendaren barruan
Eguna agurtzeko, benetan irudi ederra erregalatu digu Aneto mendiak. Azken eguzki printzen kolore gorriz eztali baita Pirinioetako tontorrik garaiena. 

Aneto, eguneko azken eguzki izpien gorritasunez



Coronas Goiko Ibona, 5:30 (0:00), 2777m. Gaua ez da oso erosoa izan. Haize bolada gogorrak izan dira eta lo asko-askorik egiterik ez dugu izan. Hala ere, esnatzean, elurraren egoera ikusita gogotsu ekin diogu gosaltzeari eta trasteak prestatzeari. 

Gure kanpo-basea. Izar askodun hotelik hoberenaren pare
Coronas Goiko Ibona, 6:25 (0:00), 2777m. Traste guztiak prestatu ondoren ekin diogu ibiltzeari. Elurra egoera ezin hobean dago. Kranpoiak jantzi ditugu hasi bezain laster eta, berriz ere laku honetara iritsi arte ez ditugu kenduko. Coronas Goiko Ibonetik Estasen korridorearen sarrera une oro begibistan daukagu, beraz bidean galtzea ezinezkoa da. Bertara iristeko, bi muiño txiki igo beharko ditugu lehenik, ondoren Coronas glaziarra gurutzatu eta Estasen korridorearen hasieran dauden harrietan egingo dugu geldialditxoa.

Estasen korridorearen sarreraraino daukagun bidea
Mikel gure atzean daukagun paisai ederra adieraziz
Atzera begirada egitean aurkitzen dugun paisaia
Bagoaz gerturatzen korridorearen sarrerara
Gero eta gertuago
Estasen korridorearen sarrera, 7:15 (0:50), 3090m. Korridorearen sarrera ikusita, piolet bakarra eskuan dugula ekin diogu (hobe biekin ekitea igoerari haseratik). Lehenengo malda honek 50º inguru ditu gaurkoan. Baina elurrak kalitate paregabea dauka. Aurreko egunetan igotako jendearen urratsa atzo egindako elurte txikiak estali ditu, beraz, korridore osoan urratsa irekitzea egokitu zaigu. 

Korridorearen sarreratik Posets ingurura ateratako argazkia
Ni korridoreari ekiteko prest
Mikel Posets aldera begira
Korridorea bi zatitan banatu dugu. Lehenik, haseratik korridore erdian egin beharreko bidegurutzeraino. Bigarrenik, bidegurutzeko hiru aukeretako bat hautatu eta hortik gorako zatia. Lehenengo zatian Mikelek ekingo dio urratsa rekitzeko lanari. Bigarrengoan berriz, nere lana izango da. 

Elurraren gogortasuna eta piolet bakarrarekin gindoazela eta, nahi baino argazki gutxiago atera nituen korridorean.

Mikel Estasen korridorearen lehen maldan
Korridore erdian egin beharreko hautaketa. Guk Petit Black korridorea hautatu dugu.
Estasen korridoreko bidegurutzea, 8:00 (1:35), 3268m. Une honetan, korridorea hiru zatitan banatzen da.
1.- Ezker aldeko irteera: Estasen korridorearen irteera normala, 45-55º artean ibiltzen da.
2.- Erdiko irteera: Petit Black irteera. Hiruretatik zailena eta malda handiena duena. Maldak 55º-65º artean izan dezake.
3.- Eskubi aldeko irteera: Aguja Escudier aldera doana. Jende gutxik igotzen du eta leku askotan, ez da korridorearen zati kontsideratzen, nahiz eta berez horrela izan.


Bidegurutzetik atzera begirada. Urdinez, Coronas lepotik behera egingo dugun bidea
Petit Black korridorearen sarrera. Egoera paregabea. Irteeran izotz pixkat aurkitu genuen, baina ongi igaro ginen
Mikel Petit Black-ean gora, izotza aurkitu dugun lekua gainditzen
Korridorearen irteeran, Llosás aristaren ertzera iritsi gara. Bertatik eskubira jo ezkero, Aguja Escudier aldera joango ginateke. Guk ordea, ezkerrera jo, Aguja Daviú egin eta Aneto mendiaren tontorrera joko dugu.

Aguja Daviú, 8:25 (2:00), 3.364m. Petit Black korridorearen irteeratik honaino I graduko trepadatxo bat egin eta erorketa handia duen malda bat zeharkatu dugu.

Ni Aguja Daviú mendiaren tontorrean. Eskubian, atzean, Aneto mendiaren tontorra
Aneto mendiaren tontorrera geratzen zaigun bidean I eta II gradua duten trepada batzuk egin behar dira. Ez dute zailtasun berezirik baina, hauetako batzuk nahiko erorketa handia dute. Egia esan, gurutzea ikusteak zirrara berezia sortzen du, ia egina dagoelaren sentsazioa. Llosás krestatik gora jarraituko dugu.

Aneto, 8:50 (2:25), 3404m. Azkenik lortu dugu! Igoera ederra eginez, urratsa irekiz, Aneto mendira igotzeko aukeretako ederrenetako batetik gora joaz, Pirinioetako tontorrik nagusienean gaude. Eta gainera, bakarrik. Eguna eguzkitsu dator. Paisai zoragarria, ikuspuntu ederrea, eta Pirinio guztia gure azpitik.

Anetoko bertizearen ondoan
Mikel tontorrean
Tontorreko gurutzearen gainean, alai!
Lortu dut! Tontor berezia da niretzat gaurkoa, gaixotasuna atzean geratzen ari delaren seinale. Pozez zoratzen! 
Tontorretik ateratako 360ºko panoa
Euskaldun bikote batek tontorrean atera ziguten argazkia
Beti Gazte!
Lehen mendizaleak tontorrera iritsi zirenean, beherako bideari ekin genion. Horretarako anitz ezaguna den Mahomaren zubia igaro beharra dago. Egia esan, errespeto puntu bat banuen barnean. Gauza asko entzuten dira berari buruz. Ez da pausu zaila, I graduko trepadak/destrepeak dira. Baian elurrarekin egoera "mixtoan" baldin badago arrisku puntu bat hartzen du. Beraz, zaila ez, baina akatsik ezin egin daitekeen leku horietakoa da. Gure kasuan, "mixto" egoeran izanik, kranpoiekin igarotzeko ez zegoen egoera oso onean baina, kranpoirik gabe igarotzeko askoz okerrago zegoen. Hortaz, guk, kranpoiekin pasa ginen. 

Mikel Mahomaren zubian sartzen
Mahomaren zubia igaro ondoren, atzera begirada
Biok, Mahomaren zubia eta Anetoko tontorra atzean ditugula
Aneto mendiaren lepo hontan, eroso asko egin dugu mokadutxoa. Renclusako aterpetxetik gora datozen lehen mendizaleak iristen ari dira. Leku ederra da honako hau mokadua egiteko. Ikuspegi zoragarria baitago bertatik. 

Beherako bidean, Coronas lepora iritsi aurretik, Punta Oliveras - Arenas egingo dugu. Bide normaletik 5 minutu desbideratu beharko gara soilik. 

Ezkerrean, Coronas glaziarra. Eskubian Anetoren glaziarra, Pirinioetako handiena
Posets mendizerra. Eskubian Vignemale ikus daiteke
Maladeta tontorrean  jendea ikusten dugu
Salvaguardia eta Pico de la Mina mendiak
Punta Oliveras - Arenas, 9:40 (3:15), 3305m. Tontor hau igotzeko, betiko bidetik irten eta malda txiki bat igo beharra dago, besterik ez. Berau igotzen ari garela, bizkaitar batekin egin dugu topo. Ez da oso tontor berezia, baina Estasen korridorearen ikuspegi ederra du. 

Tontorreko argazkia
Estasen korridorea (Saludos Lluís!)
Mahomaren zubitik behera eginiko bidea
Petit Black korridorea zoom gehiagorekin
Igoerako bide normalera gerturatu eta bertatik Coronas lepora jeitsiko gara. Bertan ezkerrera hartu eta mendiaren beste aldera igaro beharko gara.

Renclusatik gora datozen mendizaleak
Coronas lepoa, 9:55 (3:30), 3208m. Lepo honetan, bide normala utzi eta Coronas bailara aldera jo behar dugu. Horretarako, lehenik, destrepe bat egin beharra dago. Ez da pausu zaila. Baina ongi jarraitu behar da bidea, leku txarrean ez sartzeko. Ondoren, glaziarrean beherako joko dugu denda utzi dugun lakura iritsi arte. Bidean, Estasen korridorearen ikuspuntu ederra izango dugu une oro.

Coronas lepora iristen
Destrepea ikus daiteke. Ondoren, glaziarrean behera
Glaziarrean behera
Estasen korridorea
Mahomaren zubia jendez lepo
Coronas Goiko Ibona, 10:17 (3:52), 2777m. Beste atseden txiki bat hartu dugu hemen. Denda eta gainontzeko traste guztiak berriz ere motxilan sartu eta zerbait jateko unea. Aneto mendia begi bistan dugu azkeneko aldiz.

Coronas lepotik behera eginiko bidea
Anetori eginiko azken begirada
Tontorreko erromeria
Beherako bideari ekin behar diogu. Atzo eginiko bide bera, kontrako zentzuan. Lehenik Coronas Erdiko Ibona. Ondoren Coronas Beheko Ibona. Gero Coronas Iboneta. Azkenik, basoan barrena, Coronas aterpertxeraino.

Coronas Beheko Ibona
Coronas Iboneta. Urdinez, jarraituko dugun bidea


Vallibierna bailara ederra da oso. Laster egingo diogu beste bisita bat
Mikel atseden une batean
Basoan barrena, beti beheruntz
Errekaren ondotik behera, ez zaigu asko geratzen
Coronas aterpetxea, 12:45 (6:20), 1950m. Geldialdiak eginez, beherako bidea ez da hain luzea egiten, baina, ez da ahaztu behar, 1479 metroko desnibel negatiboa egin dugula. Gure oinek botak kentzea asko eskertzen dute.

Coronas aterpetxeko autobus geltokian
Asteburu bikaina izan da. Aparta! Gogotsu ekin genion bideari eta pozez zoratzen zapaldu dugu Aneto tontorra. Erraz ahaz ezin diren irteera horietakoa izan da asteburu hontakoa. Dudarik gabe! 

Ingurua aparta denean eta irteerako lagunartea ederra denean, ezin da gutxiago espero. 

Mikel, como siempre, un auténtico placer. Aula gudari!

BIDEO ERREPORRA


TRACKA ETA INFORMAZIOA

Distantzia: 13,78km
Altuera max: 3404m.
Altuera min: 1950m.
Desnibel positiboa: 1518m.
Desnibel negatiboa: 1498m.


Google Earth
TopoPiris
Altuera grafikoa


0 Iruzkinak:

Publicar un comentario