2012/12/07

Aizkorri, Kanal Haunditik (1523 metro)

Aspalditik genuen Aizkorriko korridoreetara bisita bat egiteko gogoa. Pirinioetako korridoreetan hasi baino lehen eman beharreko pausua baitzen. Beraz, aste honetan eginiko elurra kontuan izanik, abenduaren 7 aukeratu genuen gure saiakera egiteko. 

SARRERA

Gipuzkoarren artean anitz ezaguna da Aizkorriko mendilerroa. Arantzazutik San Adriango kobaraino, aukera ugari ditu mendilerro honek: mendi igoera errazak, eskalada, neguko alpinismo...

Mendilerroko tontorrik ezagunena, izen berdina eramaten duen Aizkorri tontorra da (1523m), nahiz eta ez izan garaiena. Aitxuri da ohore hori duen tontorra. 

Korridore ugari daude mendilerroaren ipar aldean. Zegamatik ikusita aukera asko begiztatu daitezke. Hemen duzue Smithy-k bere blogean aurkezten dizkigun korridoreak. 


GURE BIDEA

Guk aukeratutako bidea argazkian 1 zenbakia duena da. Bide erdia korridore hontatik egin genuen, bigarren erdia 3 zenbakidunetik egin genuen.

Korridorea 1000 metrotan hasten da. Eta 45ºko maldetatik gora egiten du. Goiko harkaitzetara iristean, pausu tekniko bat igaro eta alken maldetara iristen gara, 50º dituztenak. 

Gu harkaitzetara iritsi ginen, bertan "tubo" bat sortzen da, eta hor, elurjauzi bat izan genuen. 

Beraz, trabesia bat eginez, Kanal Haundi Nagusira igaro ginen. Bertatik gora egin genuen, 40º inguruko maldetatik.

Korridore hauetara iristeko, autoa Zegamako Hiruetxeta auzoko Altzukaran baserrian utzi behar dugu. Bertan lekua ez dago soberan, beraz ahalik eta traba gutxien egitea komeni da. 

DESKRIBAPENA

Altsasu, 7:00. Mikelek eta biok, Altsasuko gasolindegi batean egin dugu zita. Betiko moduan, kotxe bat utzi eta auto bakar batean goaz Zegama aldera. 

Altzukaran baserria, 7:30. 603m. Baserri honen atzean, ezkerretara hartu beharra daukagu, langa bat igarotzeko asmotan. 

Bideak, pagadi batean sartuko gaitu, bertatik ordu laurden bat egin beharko dugularik. Bi bidegurutze topatuko ditugu, biak eskubira hartuko ditugularik. 

Ondoren, ezker aldean geratzen zaigun basoan sartu beharko gara, bide garbirik gabe, nahiz eta ongi bilatu ezkero, belarretan zapalketa markaren bat ikus daitekeen. Baso honek malda ederrak ditu, polit zein gogorrak. Basoa igaro ondoren, zelai batera iritsiko gara, bertan hasten direlarik korridoreak. 



Txindoki, erdi elurtuta.



Gurutzea eta korridorearen hasiera.

Kanal Haundi Zuzena korridorearen hasiera, 8:45. 1003m. Zelai hontan gurutze bat aurkituko dugu, hau da korridorearen hasera. Hemendik aurrera maldak ez du barkatuko, 45º izango baititu tontorrerarte.

Korridoreak ez du zailtasun handirik. Zuzen jarraitu behar da harkaitz batzutara iritsi arte. Elurra ez dugu kondizio honetan aurkitu. Elur gutxi dago korridorearen haseran, eta gainera biguna.

Kanal Haundi Zuzena

Kanal Haundi Nagusia

Mikel korridorearen hasieran

Zelaia beheran geratzen hasten da. 

Harkaitzetara iristen. Trabesiaren hasieraren lekua.

Harkaitzen sarrera, 9:40. 1241m. Puntu honetan "tubo" antzeko bat sortzen da. Behin tuboa zeharkatuta, ezker bariantea edota eskubi aldekoa (guk jarraitu behar genuena) aukeratu behar da.

Tuboaren sarreran geundela, elur bolatxo batzuk ikusi genituen beheruntz. Pixkanaka gero eta haundiagoak ziren. Eta konturatzerako, ezker barianteko elur plaka batzuk tuboan sartzen ari ziren. Pare bat metro eskubira korrika egin eta zuhaitz bati heldu ginen, elurjauzia gugandik hiru metrora zegoen bitartean.

Elurjauziaren bukaeraren bideoa

Adrenalina pikoa pasa ostean, erabakiak hartzeko ordua iritsi zen. Igotzen jarraitzea erabaki genuen. Baina elurjauzi txiki-txiki bat gertatu zen berriz, lehen elurjauziaren azken errepika. Hori ikusita, goruntz ezin genuela jarraitu erabaki genuen. 

Ez genuenez jeitsi nahi, Kanal Haundi Nagusira trabesia bat egitea erabaki genuen. Ez genekien posiblea zen edo ez, ezta harresirik aurkituko genuen. Trabak igoretzen joan ginen pixkanaka, eta azkenik, zailtasun txikiren batekin, Kanal Haundi Nagusira iritsi ginen.

Hemendik aurrera, argazkien kopurua gutxitu egin genuen, elurjauzirik ez izateko, gure abiadura azkartu baitgenuen.

Kanal Haundi Nagusia, 10:25. 1240m. Korridore hau elurrez betea aurkitu genuen. Kondizio hobeagoarekin. Gainera, altuera ez galtzea lortu genuen. Beraz, gauza bakarra geratzen zitzaigun; gora egitea. 

Trabesia amaitu genuen lekua.

Geratzen zitzaigun korredore zatia.




Aitzabal eta Aketegiren tarteko lepoa, 11:10. 1433m. Behin Aizkorri mendilerroko "kresta"ra iristean, ezkerretara hartu eta Aizkorriko tontorrera jarraitzea besterik etzaigu falta. 

Aizkorri, 11:25. 1523m. Aterpeko ateak bi zati ditu, eta behekoa guztiz estalia zegoen elurrarengatik. Beraz, goiko atetxotik sartu beharra izan genuen.

Aizkorriko tontorra

Tontorreko argazkia

12tan beherako bideari ekin genion. Beherako bidea, San Adriango aterpetik Aizkorrira ipar aldetik doan bidetik egin genuen. Bideak ez dauka inolako zailtasunik ezta galbiderik. Sentitzen dut argazkirik ez egin izana. 

Altzukaran baserria, 13:30. 603m. Trasteak jaso, erropa aldatu eta etxeruntz abiatu ginen.

Gure lehenengo korridorea izateko esperientzia ona izan zen. Elurjauziak adrenalina igo eta beldurra sartuarazi zigun, baina ikasteko ongi etorriko zaigu. Mendian elurjauzi baten aurrean nola jokatu ikasi baitugu. Zihur laster izango garela berriz Aizkorriko korridoretan.

Hemen dituzue track-a eta datuak.


TopoHispania

Google Earth 3D

Altuera grafikoa

4 Iruzkinak:

Earra artista!!!!!

Elurjausiarekin a ze sustoa!!! Ez zen oso handia baina mina egiteko adinekoa bai.

Kanalaundi zerrendatik kenduta, orain beste batekin frogatu beharko dezue.

Ondo izan
Smithy
 
Eskerrik asko berriz ere Smithy!!

Sustoak susto, goiz ederra pasa genuen Aizkorriko magaletan. Orain beste kanal batzuk bilatzeko unea iritsi zaigu!

Animo sorbaldarekin! Aio
 
aupa Xabi te contesto por aqui, yo creo que si debió de nevar algo encontramos nieve a partir de los 1000m ya en la canal y al final de la canal había bastante paquete de nieve y muy blanda, no había ninguna huella por lo teníamos que abrir, de todos los modos el domingo tuvimos un dia espectacular con mucho frio y esa canal para repetir.
 
Hola Santi! Me alegro que pudierais hacerlo en buenas condiciones y que disfrutaseis!! Animo!
 

Publicar un comentario