2012/06/09

Monte Perdido, Ipar Aurpegitik (Saiakera)

"Sarrera" eta "Gure bidea" atalak Smithy-renak dira.


SARRERA

Monte Perdidoa Piriniotako hirugarren mendirik altuena da bere 3355 metroekin. Dirudienez izen hau (Mont-Perdu) frantsesek jarri zioten XVIII. mendean Frantziatik ez baitzen Marbore mendien gainetik dagoen mendi hau ikusten.

Ez da ziur noiz igo zen lehenengo aldiz, baina baliteke Vicente de Heredia kapitainak igo izana 1792 urtean.

Lehenengo igoera dokumentatua 1802 urtean izan zen. Urte honetako abuztuak 6an Louis Ramond de Carbonnières pirineistak kontrataturiko Laurens eta Rondou gidek Bielsako maizter batez lagunduak gailurra ekialdetik irabazi zuten. Ramond-ek lau egun beranduago lortuko zuen gailur preziatua.

Esan beharra da mendi hau "mitifikatua" izan zela 1838 urtean Vignemaleko Pique Longe eta 1842 urtean Aneto mendien gailurrak irabazi arte.

GURE BIDEA


Monte Perdidoaren ipar aurpegia lehen aldiz Roger de Monts, Célestin Passet eta FranÇois Bernat-Sallesek igo zuten 1888ko udan.

Gure bidea Pineta aranetik abiatzen da Pineta Balkoira arte eta hemendik Tucarroya aterpera joan bertan lo egiteko. Hurrengo egunean ipar aurpegia igo, "Escupidera" pasabide ezagun eta beldurgarritik ibon izoztura jaisteko. Ibon izoztutik Cilindro lepora igo, hemendik berriro ere Perdido glaziartik Marboré lakura jaitsi, Tucarroya aterpera joan, traste guztiak hartu eta Pinetara jaisteko. Horixe bakarrik.

Ipar aurpegia AD bezela dago katalogatua eta maldek ez dute 50º-55ºetatik pasatzen. Bi korredore nagusi ditu, bat erdialdeko glaziarrera ailegatzeko (45º-50º ingurukoa) eta bigarrena goikaldeko glaziarrera ailegatzeko (50º-55º ingurukoa). Bigarren korredorearen bukaeratik tontorrera malda erraza bat dago.



DESKRIBAPENA


Iruñatik goizko zortzi terdietan irten giñen. Lau bat orduko bidaia genuen aurretik eta patxada osoz hartu genuen.


Brotoko sarreratik "Faja de las Flores" ederki asko ikusten zen.
 13:30, Pineta. Kotxea bertan aparkatu ostean, traste guztiak prestatu, zerbait jan eta gure bideari ekin genion.

Mikel Pineta aparkalekuan.

Traste guztiak bizkarrean hartuta, lehen pausuko argazkia.

Kartelean jartzen duen bezala 4 ordu behar dira gutxi gora behera Pinetako Balkoira iristeko.


 Haserako bidea, ibai eta baso artetik doa. Behin baino gehiagotan gurutzatu behar direlarik.
Pinetako zubietako baten gainean. Atzean egin beharreko bidea ikusten da. 

Ur jauzi handia. Benetan aipagarria da eramaten zuen ur jasa.

Pixkanaka Pineta atzean geratzen da. 
Igoera osoan zehar malda nabaria da. Haseran basoa zeharkatzeak ez du inongo arazorik, baina ur jauzietara iristean hartzen du maldak bere benetako maila.

Igoerako ur jauzi txiki bat gurutzatzen. 
 hurrengo ur jauzia igarotzerakoan nahiko lan izan genuen. Ura indar nahikorekin jeisten zen eta harriak labainkor aurkitu genituen. Hala eta guztiz ere, pare bat harri jarrita ondo igaro genuen.


Aurrez esandako ur jauzia.
 16:30, "Embudo"deituriko azken pausoa. Elur askorekin arrisku pixka bat izan dezake. Baina guk oso ondo topatu genuen. Behin zati hau igarota, Pinetako Balkoian gaude.

"Embudo"-a behetik ikusita. Igoerako bidea ikusi daiteke.
 16:45, Pinetako Balkoia. Benetan izugarria da leku hau. Iritsi bezain laster, Perdido mendiaren ipar aurpegiaren argazkia bikaina da. Igoerako nekea hanketan sumatzen nuelarik, ez nekien hurrengo egunean nola aurkituko ote nintzen, kuadrizepsak erabat txikituak nituen eta.

Pinetako Balkoia. Perdido mendiaren ipar aurpegia.

Cilindro mendiaren tontorra. 
 Denda muntatu eta Pinetako Balkoian zehar pasealdi bat eman genuen, muskuluak erlaxatze aldera.

Ni Pinetako bailara atzean dudala.

Mikelen txanda.

Gure kanpamentu basea.
 Afaldu, hurrengo eguneko trasteak prest utzi eta lotara joan ginen. Eguraldi iragarpenak, gau beroa izango genuela esaten zuten. Baina etzuten inondik inora asmatu. Gaua, garbia garbia izan zen, eta izugarri jeitsi zen tenperatura. Mikelek eta biok zero azpitik 5 eta 10 graduren artean izan ginela iritzi genuen. Oso gau txarra igaro genuen, ia lorik egin gabe. Baina tenperatura jeitsiera honek gauza on bat zeukan, hurrengo egunean elurra gogor-gogor izozturik genuen.

5:30, Bigarren eguna. Txanponaren bi aurpegiak ikustea tokatu zitzaigun. Alde batetik, izugarrizko eguna genuen begien aurrean: zeru garbia, bero askorik ez, elurra gogorturik eta egin beharreko bide guztia garbi garbi. Baina nire kuadrizepsak etzuten erantzun nahi izan. Esnatu bezain laster jakin nuen ezingo nuela igo.

Igoerako bidea. Bi korridoreak ikus daitezke. 

Jeitsierako bidea. Gorriz bide normala, berdez rapela, eta urdinez neguan batzuk rapela ekiditeko erabiltzen duten korridorea.
Dena jaso eta goizoko 6:30etan beherako bidea hartu behar izan genuen. Beherako bidea etzen batere xamurra izan. Haserrea, pena eta tristura izan genuen bide lagun. 

8:15, Pineta. Trasto guztiak jaso eta berriz ere Euskal Herrirantz abiatu ginen. Eztakigu berriz horrelako egunik aurkituko dugun, elurraren egoera, tenperatura... dena bikaina baitzen. Dakigun gauza bakarra, hurrengo urtean berriz etorriko garela da.



0 Iruzkinak:

Publicar un comentario